Bergarako Udaleko berdintasun sailetik harremanetan jarri ziren duela hilabete batzuk. Komunikazio ez sexistaren inguruko lanketa egiteko beharrari erantzungo zion proposamen bat eskatu ziguten.
Lehengo urtean onartutako Bergarako Udaleko berdintasun planaren helburuetako bat komunikazio ez sexista eguneroko praktikara bideratzea izanik, lanketa horri heldu ahal izateko proposamena eskatu ziguten berdintasun sailetik.
Formakuntza
Hori horrela izanik, formakuntza bidez gaia lantzea ezinbestekoa zela pentsatu genuen eta hori bideratzeko hiru helburu publikotan banatu genituen saioak. Udaleko langileak, herriko elkarteetako kideak eta herriko merkatariak izan ziren hiru helburu publiko nagusiak. Talde bakoitzarekin, eurei egokitutako formakuntza teoriko-praktikoa bideratu genuen bi orduko saiotan. Saio hauetan landutako edukiak hauexek izan ziren, besteak beste:
- Testuingurua: ikuspegi androzentrikoak duen eragina bizitzako arlo desberdinetan.
- Hizkuntzaren erabilera ez sexista egiteko arrazoiak eta hori lortzeko baliabideak.
- Iruditegi ez sexista egin ahal izateko kontuan izan beharreko irizpideak.
- Landutakoaren inguruan ariketa praktikoak saioan zehar.
Euskarriak
Bestetik, formakuntzara bertaratutakoentzat helduleku izan zedin eta joan ez zirenentzat lagungarri, komunikazio ez sexistarako Udaleko gida propioa sortu genuen eta baita laburpen eskuorri bat ere. Era honetan, presentzialki eta dokumentu desberdinen bidez, herriko eragileekin gaia mahai-gaineratzea lortu genuen.
Solasaldi interesgarriak piztu zituen gaiak eta lan egiteko orduan ikuspegia fintzeko gogoa ere bai. Bai gida eta baita laburpen eskuorria ere, digitalki nahiz inprimituta zabalduko ditu Udalak, interesa duenarentzat baliabide lagungarriak izan daitezkeelako.
Komunikazio arduradunek ez ezik, bere lanean dokumentuak idatzi, kanpainak egin edo kanpo enpresei eskatu… eta halako lanak egiten dituen orok ikuspegi hau lantzea garrantzitsua da aldaketak eragin nahi badira herrian.