Ekion webgunea 2017an sortu genuen kalakariok, ekintzailetasunean ikuspegi feministatik aritzeko hutsuneak bultzata. Ekitea bide nekeza da, ekin nahi duzun jarduera ekonomikoaren alor guztiak izan behar dituzulako kontuan, eta hasieran, zaila delako guztia ulertzea eta are zailagoa guztia kontrolpean izatea. Bide hori xamurragoa izaten laguntzeko sortu genuen Ekion proiektua; ekintzaileen saretxoa sortuz, baten eta bestearen iritziak, ibilbideak eta esperientziak partekatzeko gunea izan zedin, eta baliagarri egiten zaizkigun aholku eta euskarriak partekatzeko behar hori duen guztiari.
Era berean, ezinbestekoa da ekintzailetasuna genero ikuspegiz aztertzea. Eragin zuzena baitu generoak ekiterako unean.
Emakume ekintzaile gehienek bakarka ala talde txikietan ekiten dute. Gizonek, berriz, ohikoagoa da talde txikian ala handian ekitea. Honek, lehen gakoa erakusten digu: emakume gehienak bakarka dabiltza lanean autonomo moduan, eta merkatuan atomizatuta daude. Bakarka hain sistematikoki aritzeak elkarren arteko lotura eta ezagutzea izatea zailtzen du.
2017az geroztik ekion.eus webgunean elkarrizketatu ditugun emakume ekintzaileek puntu berean kointziditzen dute: gehienek bakardade sentsazioa dutela euren egunerokoan. Horrez gain, lan arloa, oro har, eta ekintzailetasuna konkretuki, eredu maskulinoekin lotzen da, iruditegi kolektiboan ekintzaile gizona da agertzen den lehen irudia, eta erreferente femeninoak falta dira bakoitzaren sektore eta alorrean. Egon badaude, izan badira, baina, azaleratu egin behar dira.
Bizi garen jendartearen genero-rol ugarik, emakumeon eguneroko jarduna oztopatzen dute. Batzuk oharkabean pasatzen dira, barneratuegiak dituztelako emakume gehienek, eta kosta egiten da itsutzen dituen benda kentzen. Baina, gaia beste emakumeekin partekatuz gero, segituan hasten dira egiturazko oztopoak zerrendatzen:
- Etxeko lan eta zainketen ardurak (kulturalki emakumeei transmititzen zaigun genero-arau bat)
- Ekiteko unean geure burua gutxiesteko jasotzen ditugun presio sozialak
- Egunerokoa zailtzen diguten autoestimu faltak
- Etab.
Ekinean lantzea komeni diren gaitasunak:
Gaitasunei dagokienez, gaitasun batzuekin abiatu ohi gara ekitera, eta ibilbide profesionalean ez dugu garatu ohi izaten gure jardunari zeharka eragiten dizkien beste faktoreak (denbora faltagatik maiz): antolaketa, bizitza ikuspegia, autoestimua, balorazioa, geure gorputzen ezagutza eta ulermena, ahalduntze teknologikoa, etab. Baina, arlo hauei dagokien denbora eta dedikazioa eskainiz gero, ekintzailetza bidea asko samurtzen da eta prozesu erregularragoa bilakatzen da. Ikuspegi feministatik ekitean, arlo hauek eguneroko mugarri bilakatzen dira, eta, ahalduntze pertsonal eta profesionalerako gako bilakatzen dira.
Bestalde, gaitasunekin amaitzeko, ikuspegi estrategikoa izatea da garatzea gehien kostatzen den gaitasunetako bat, oro har. Egunerokoak jan egiten gaitu, eta ez dugu mekanikoki etorkizunari begiratzeko eta hausnartzeko nahikoa tarte hartzen. Hainbat galderari erantzun behar izaten zaio ekintzailetasunaren ibilbide bakoitzean: hastapenean, lehen urteetan, proiektua heldutasun batera iristean, ondoren… eta galdera horien erantzunak, norberaren kabuz hausnartzeko eta pentsatzeko gaitasuna lantzea da ikuspegi estrategikoa garatzea.
Nola jakin zein den hurrengo urratsa? Nola gainditu emozio negatibo bat? Nola jakin zergatik etorri zaion espero ez zuen egoera bat? Nola jakin galdera horiek eta gehiago ekintzaile gehienek galdetzen dietela beren buruei? Langile bat kontratatzeko unea noiz iristen da? Nola baloratu langilearen lana, jarrera, eta etorkizuneko proiekzioa? Nola aritu talde-lanean, modu asertibo eta inplikatuan? Nola sistematizatu zereginak?
Zailtasun, oztopo eta aukera guztiak kontuan izanik, emakume ekintzaileen bidelagun emozional eta estrategikoa da Ekion webgunea. Izan ere, webgunearen bitartez, benetako laguntza eskaini nahi diegu bide zail hori hartzea erabaki duten emakumeei: badaude metodologiak, tresnak eta ikuspegiak eguneroko jarduna erraztuko diena, eta horien lanbidea xamurrago eta eraginkorrago egingo dutena. Ekintzailea bazara, webgunea bisitatzera gonbidatzen zaitugu edota ekintzaile lagunen artean zabaltzera!