Matiak duen online eskolan 30 orduko bi formakuntza eskaini ditugu urtarriletik apirilera bitartean.
Matia Fundaziotik harremanetan jarri ziren genero ikuspegia eguneroko lanean txertatu ahal izateko 30 orduko bi formakuntza jaso nahi zituztela esanez. Aurrekontu proposamena prestatu genuen eta baiezkoa jaso genuen. Beraz, lanari ekin genion!
Prozesua luzea izan da, formakuntzan izena eman zuten langileak profil desberdinetakoak izan zirelako (psikologoak, gizarte langileak, antropologoak, komunikatzaileak, familiako kideak zaintzen dituzten pertsonak formatzen dituzten langileak, etab.) eta formakuntzak ahalik eta pertsonalizatuenak izatea nahi genuelako. Hori horrela izanik, gaien enfokearen inguruan hainbat proposamen prestatu genituen, beren beharretara gehien egokitzen zen modua topatu genuen arte.
Formakuntzak gaztelaniaz izan ziren eta online, matiaeskola.eus webgunearen bidez. Ostiral goizetan online saioak izaten ziren, gerora, grabatuta geratzen zirenak, plataforman, momentuan ikusi ezin zuenak gerora ikusteko aukera izan zezan. Horren ostean, ikasleek ariketak egin behar izaten zituzten eta horretarako aste oso bat izaten zuten, hurrengo online saiora arte. Ariketetan artikuluak, bideoak, gidak, etab.-en bidez hausnarketa bultzatzen genuen. Modu honetan osatu genuen formakuntza bakoitza, online saioak eta ariketak uztartuz. Ikasleek ere, formakuntza lanarekin uztartzeko aukera izan zezaten.
Jarraian, formakuntzen inguruko xehetasunak dituzue:
1. Formakuntza: Hizkuntzaren erabilera ez sexista.
Ordu kopurua: 30 ordu. Formatua: 10 ordu presentzial eta 20 ordu ez presentzial.
Edukiak:
- Testuingurua: ikuspegi androzentrikoa eta horren eragina hizkuntzaren erabileran.
- Hizkuntzaren erabilera ez sexista egin ahal izateko ditugun baliabideak.
- Hizkuntzaren erabilera ez sexista praktikan jartzeko ariketak.
- Egunerokoan bertaratutakoek erabiltzen dituzten dokumentuen lanketa, hizkuntzaren erabilera ez sexista erabiliz.
- Iruditegiaren garrantzia, hizkuntzarekin batera, nahi den mezua helarazteko unean.
2. Formakuntza: Hizkuntzaren erabilera ez-sexistaren gida labur propio bat sortzea eta esku-hartzearen eremuan genero-ikuspegia lantzea.
Ordu kopurua: 30 ordu. Formatua: 10 ordu presentzial eta 20 ordu ez presentzial.
Edukiak:
- Hizkuntzaren erabilera ez-sexistari buruzko gida batzuk aztertuko ditugu, eta interesgarrienak iruditzen zaizkigunak aukeratuko ditugu, norberarentzat oinarri teoriko gisa erabiltzeko. Hainbat ariketen bidez, Matiako langileen egunerokotasunarekin lotutako adibide propioak sortuko ditugu.
- Prestakuntza honen lehen zatia gida labur propio batekin amaituko dugu. Gida hori langile guztiei zabaldu ahal izango zaie, kontuan har dezaten eta baliagarria izan dakien proiektuak, prestakuntzak, emailak eta mota guztietako dokumentuak idazteko orduan.
- Prestakuntza honen bigarren zatian genero-ikuspegia landuko dugu esku-hartzearen eremuan. Horretarako, esparru honetako langileen egunerokotasunaz eta genero-ikuspegia egunerokoan integratzeko eskura izan ditzaketen tresnez hitz egingo dugu.
- Gizarte honen edadismoaz eta kapazitismoaz jabetzeaz gain, garrantzitsua da, halaber, genero-ikuspegia lan-egunerokotasunean txertatzea. Informazioa biltzeko moduari, informazioa transmititzeko moduari, prestakuntzak prestatzeko moduari eta abarri buruzko adibideen bidez, ikuspegi batekin edo bestearekin lan egitearen arteko aldeak ikusiko ditugu.
Oso gustura sortu eta garatu dugun proiektua izan da, bezeroarekin harremana landu eta sendotzeko aukera eman baitigu eta ikasleak ezagutzekoa. Parte hartzea oso interesgarria izan da saioetan eta baita ariketen bidez ere. Plazer handia da halako eskaerei erantzutea! 😉