Matiako lantaldea formatu genero ikuspegia eguneroko lanean txerta dezaten

Matia Fundaziotik harremanetan jarri ziren genero ikuspegia eguneroko lanean txertatu ahal izateko 30 orduko bi formakuntza jaso nahi zituztela esanez. Aurrekontu proposamena prestatu genuen eta baiezkoa jaso genuen. Beraz, lanari ekin genion!

Prozesua luzea izan da, formakuntzan izena eman zuten langileak profil desberdinetakoak izan zirelako (psikologoak, gizarte langileak, antropologoak, komunikatzaileak, familiako kideak zaintzen dituzten pertsonak formatzen dituzten langileak, etab.) eta formakuntzak ahalik eta pertsonalizatuenak izatea nahi genuelako. Hori horrela izanik, gaien enfokearen inguruan hainbat proposamen prestatu genituen, beren beharretara gehien egokitzen zen modua topatu genuen arte. Lehen formakuntza hizkuntzaren eta iruditegiaren erabilera ez sexistaren inguruan izan zen eta bigarrenean, esku-hartzean genero ikuspegia txertatzeko moduak aztertu genituen.

Formakuntzak gaztelaniaz izan ziren eta online, matiaeskola.eus webgunearen bidez. Ostiral goizetan online saioak izaten ziren, gerora, grabatuta geratzen zirenak, plataforman, momentuan ikusi ezin zuenak gerora ikusteko aukera izan zezan. Horren ostean, ikasleek ariketak egin behar izaten zituzten eta horretarako aste oso bat izaten zuten, hurrengo online saiora arte. Ariketetan artikuluak, bideoak, gidak, etab.-en bidez hausnarketa bultzatzen genuen. Modu honetan osatu genuen formakuntza bakoitza, online saioak eta ariketak uztartuz. Ikasleek ere, formakuntza lanarekin uztartzeko aukera izan zezaten. Oso prozesu interesgarri eta aberasgarria izan zen.

Informazio gehiago nahi baduzu, blogeko post honetan sartu 😉

Elkarlanean