Orioko Udaleko berdintasun plana
Orioko Udalean 2021-2022 urteak bitartean garatu genuen Berdintasun planaren prozesu osoa. Lehen urtean diagnostikoa landu genuen eta bigarrenean, ekintza plana bera.
Diagnostikoan berdintasunarekin lotutako ahulgune eta indarguneak aztertu genituen, etorkizunera begira zer egitea komeni den eta zer den egingarri baloratu ahal izateko ekintza planean.
Ekintza plan bat egitea ezinbestekoa da aurrez eginiko diagnostikoa lurreratu ahal izateko, helburu batzuk adostu eta horiek betetzeko datak, adierazle eta neurri errealak eskura izateko. Horregatik, prozesu honetan, garrantzi handia eman diegu Udaleko langileen eta herritarren iritzi eta pertzepzioei, plana eurena sentitzea eta bertan idatzita dauden ideietan eurenak islatuta ikustea ezinbestekoa delako. Horrela soilik helduko diote erronka handi honi. Saioetan tartea izan dute beren ideiak lantzeko, kontrastatzeko eta gerora ere, email bidez aukera izan dute gurekin elkarlanean jarraitzeko. Plana aurkeztu genuenean, pozgarria izan zen entzutea beren ideiak hor ikusteak sorrarazten zien ilusioa eta erronkari heltzeko gogoa.
Hasieratik berdintasuna zeharkakotasunez lantzeko beharra argi izan dugu, bestela, ez baita efizientea egiten den lanketa. Hau da, berdintasun saila duten Udalek bertatik soilik lantzen badute berdintasuna, ulertzera ematen da gainontzeko sailek ez dutela zertan gaia landu behar. Eta berdintasun saila ez dutenek orduan, zer egin dezakete? Argi dagoena da berdintasunak (edo berdintasun ezak) denoi eta arlo guztietan eragiten digula eta horregatik, berdintasun sailen errotzea bultzatzeaz gain, garrantzitsua dela berdintasuna arlo guztietatik lantzea; zeharkakotasunez, alegia.
Orioko Udaleko berdintasun plana lantzerakoan berdintasuna arlo guztietan zeharkakotasunez lantzearen beharra azpimarratu dugu saioetan eta hori islatu dugu txostenean bertan. Gainera, Orion ez dute berdintasun sailik, beraz, ezinbestekoa da elkarlanean eta zeharkakotasunez lantzea planaren exekuzioa. Hementxe duzue deskargagarri.
Une honetan planaren jarraipenaren exekuzioan gabiltza laguntza teknikoa eskainiz. Bide oparoa dute Orion eta ilusionatuta daude bai herritarrak eta baita Udaleko langileak ere.