Hernaniko Udaleko Berdintasun sailarentzat lanean aritu gara azken hilabeteetan. Xehetasunak jakin nahi? Jarraian aipatzen dizkizuegu 😉
Hernaniko Kulturarteko Plaza Feminista (KPF) sortu dute, eraikin bat zaharberrituz eta herriko elkarteei erabilera anitzeko espazioak eskainiz, besteak beste. KPFn Udaleko Berdintasun saileko kideek beren bulegoa izango dute. Eurekin batera, herriko elkarteek beren espazioak izango dituzte bileretarako, ekintzak antolatu ahal izateko, formakuntzetarako, etab.
Erabilera anitzeko espazio honen inguruan erabaki ugari hartu behar izan dira eta gu aritu gara Kalakatik aholkularitza eskaintzen eta baita diseinuak sortzen ere.
Aholkularitza, zertan baina?
- Eraikineko gela bakoitzak emakume baten izena izatea erabaki zen. Beraz, gela bakoitzaren kartela diseinatzea beharrezkoa zen. Eta diseinu ildoa, nondik joatea nahi zuten KPF osatzen duten kideek? Argazkietan oinarritutako diseinua, ilustraziotik abiatutakoa? Zein koloretan oinarritutako diseinua? Emakumeen biografiak karteletan gehitzea interesgarria izan zitekeen sentsibilizazioa ere lantzeko era horretan? Baina, biografiak jarriz gero, zein hizkuntzatan jartzea izan zitekeen egokiena? Galdera asko egon ziren airean hasiera horretan, beraz, gure aholkularitza lana erantzunak eskaintzea izan da. Berdintasun sailetik zituzten ideiak ordenatu, lurreratu eta berdintasuna era transbertsalean gehituz, aukera egokienak eskaintzea, betiere, azken erabakia euren esku utziz.
- Lehen erabaki horiek hartu ostean (zein emakumek emango zieten izena eraikineko gela desberdinei, diseinuak zein ildo izango zuen (argazkietan oinarritzea erabaki zen eta more koloreetatik lantzea), biografiak jartzea eta zein hizkuntzatan, etab.), kartelen diseinuari ekin genion. Bi diseinu ildo eskaini genizkien aukeran eta gustukoen zutena aukeratu zuten.
- Diseinua sortzeaz gain, hornitzaile desberdinetan harremanetan jarri ginen (inprentak, itzulpen enpresak, etab.), bezeroari aukera zabalena eskaini ahal izateko bai kalitate eta prezio desberdinak kontuan izanik.
- Emakumeen biografien hizkuntzei dagokienez, euskara eta gaztelaniaz gain, biografiak emakume horien lehen hizkuntzetan jartzea erabaki zen eta baita inguruan ditugun beste hizkuntza batzuetan ere. Hori dela eta, kartelean bi hizkuntza jartzea erabaki zen -euskara eta zegokion emakumearen jatorrizko hizkuntza- eta Udaleko webguneko Berdintasun sailaren atalean gainontzeko hizkuntzetan.
- Irisgarritasuna bermatu nahi izan da bai kartelen kokapenarekin eta baita webguneko biografien kokapenarekin ere. Hau da, pertsona itsuek era egokian entzun ahal izan ditzaten, etab.
Aholkularitza eskaini dugu, beraz, ikuspegi feminista era egokian txertatzen zela ziurtatzeko eta baita kudeaketarekin lotutako erabaki praktikoak hartzeko orduan ere. Hau da, ikuspegi feminista ez da soilik emakumeen biografien bidez sentsibilizazioa lantzea, ikuspegi feminista izatean irisgarritasunean pentsatu dugu eta baita biografien egokitasunean ere, besteak beste.
Diseinuaz, zer esan genezake?
- Argazkietan oinarritutako diseinu ildoa aukeratu zuten, beraz, hori oinarri hartuz eta eraikinak berak kanpoaldean dituen ilustrazioetako loreen ideia garatuz, diseinu ildoa osatu genuen. Era horretan, bateratasuna eman zitzaion eraikineko diseinu estilo desberdinei. Eraikinaren kanpoaldea ilustrazioek osatzen dute eta barrualdeko kartelak argazkietan oinarritzea nahi zenez, ildo bat egotea beharrezkoa ikusi zen eta hori elementu floralekin egin zen. Koloreetan ere bateratasuna egotea izan zen gure aholkuetako bat diseinuaren irizpideak erabakitzean. Eraikineko zutabeak kolore zehatz batekin margotuta daude eta berezia denez, kolore hori oinarri hartzea erabaki zen. Horretaz gain, biografiekin lotura topatu behar zen ez zedin ikusi argazkia testutik oso era desberdinean. Egoera horretan, aukera desberdinak landu genituen diseinuarekin eta tipografia, kolore eta baliabide desberdinen bitartez lortu genuen azken emaitzak bateratasuna izatea.
Azalpen hauen bidez argi geratzen da aholkularitza ez dela une batean egiten den zerbait, horrelako prozesuetan une oro eskaintzen den zerbait baizik. Halako lan luzeetan, harremanak ere kudeatu behar direnetan, garrantzitsua da aditu egokiaren topo egitea, azken emaitza egokia izan dadin.
Mila esker gugan konfiantza jarri izanagatik!