In albisteak

Gasteizen, Eusko Jaurlaritzak bertan duen egoitzan, 13 orduko modulua eskaini genuen “Mujeres y liderazgo” ikastaroaren baitan.

IVAPetik harremanetan jarri ziren “Mujeres y liderazgo” ikastaro pilotuaren baitan modulu bat emango genukeen galdetuz, komunikazioa eta berdintasunaren ingurukoa, hain zuzen ere. Egunerokoan lantzen ditugun gaiak direnez, erronka interesgarria iruditu zitzaigun eta onartu egin genuen. Eusko Jaurlaritzako teknikariak izan ziren ikasleak, 15 emakume inguru. Ikastaro sakona zen IVAPetik egituratu zutena, emakumeentzat soilik. Ezinbestekoa iruditzen zitzaien gaia talde ez-mixtoan lantzea, arlo honetan egon daitezkeen zailtasunez hitz egiteko espazio seguru bat sortzea baitzen helburuetako bat. Guri zegokiguna 3. modulua izan zen, komunikazio gaitasunak lantzen zituena.

Lidergotza mota edozein izanik ere, ondo komunikatzea beharrezkoa da. Idatzizko eta ahozko komunikazioa lantzeak, hobetzeak, gakoen berri izateak lagunduko digu guk nahi dugun lidergotza eraikitzen. Horri emakume izatea gehitzen badiogu, komunikazioak ikusgarritasuna emango digu, besteak beste.

Horretaz gain, komunikazio ez-sexista lantzeko beharra ikusi genuen. Errealitatea bere osotasunean islatu nahi badugu, ikuspegi feminista txertatzea ezinbestekoa baita. Lidergotzan horrek garrantzi handia du gaur egun eta desberdintasun eta injustizia sozialez informatzeko, horietaz jabetu eta gako eraldatzaileetan transmititzea ezinbesteko bilakatzen da.

Komunikazioa eta berdintasuna ardatz hartuz landu genuen emakumeen lideragotza. Teoria, ariketak, talde dinamikak landu genituen ikastaroan zehar. Ariketa guztiak amankomunean jarri zituzten ikasleek eta horrek beren arteko elkarrizketak eta hausnarketak bultzatu zituen. 13 ordu, hiru formazio saiotan banatuta eskaini genituen. Intentsoa bezain interesgarria izan zen eta ikasleek ere ikasi izana espero dugu 😉

Hauexek izan ziren landutako alorrak:

Komunikazio-gaitasun eraginkorrak

  • Zer dute komunean ahalduntzeak eta komunikazioak?
  • Komunikazio eraginkorrerako tresnak: konfiantza, enpatia eta
    audientzia.
  • Idatzizko komunikazioa. Kontuan hartu beharreko gakoak ezagutzea.
  • Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexistarako gakoak, bai
    gaztelaniaz, bai euskaraz.
  • Genero-rolak eta -estereotipoak ez errepikatzearen garrantzia.

Ahozko narrazio- eta komunikazio-estrategiak

  • Hitzezko eta hitzik gabeko komunikazioa.
  • Arnasketaren eta ahotsaren garrantzia.
  • Jendaurrean hitz egitean kontuan hartu beharreko gakoak.
  • Nola sortu aurkezpen gogoangarriak. Gidoi bat argudiatzea eta aurkeztea. Hainbat teknika esperimentatzea.
  • Kamera baten aurrean nola hitz egin egoera desberdinetan: online komunikazioak (Teams), kameradun hitzaldiak, prentsa…
  • Alderdi teknikoak: gailuaren kokapena, enkoadraketa, argiztapena, jarrera eta jantziak.

Helburuzko komunikazioa

  • Bilerak aldez aurretik prestatzea.
  • Genero-ikuspegidun bilerak kudeatzea.
  • Nola gidatu eta aurre egin erresistentzia esplizituei eta inplizituei.
  • Negoziazio- eta elkarrizketa-teknikak.
  • Gatazkak konpontzeko estrategiak.

Emakumeok lidergotzari eusteko gizonezkoek ez dituzten beldur ugari astindu behar ditugu. Ez da nahikoa komunikaziorako gakoak ikasi eta lantzearekin, emakume izate hutsagatik sozialki jaso dugunari ere erreparatu behar diogu. Horren inguruan taldean hausnartzea eta bizipenak partekatzea egin beharreko lana da.