In albisteak

Oñatiko Udaleko Berdintasun sailak aurtengo jaietarako kanpaina egiteko eskaera luzatu zigun. Zer eta nola landu dugun jakin nahi?

Jai berdinzaleak bultzatzen jarraitzeko, aurten garrantzi berezia eskaini nahi izan diote Oñatiko Udaleko Berdintasun sailetik sentsibilizazio kanpainari. Bi urteko geldialdiaren ostean, jaiak ofizialki antolatu dituzten honetan, “Jaixetan be berdinttasunian” lelopean, lau azpilelo sortu ditugu. Azpilelo horietako bakoitzak jaietan, berdintasunarekin lotuta, helarazi nahi den mezu bati erantzuten dio. Hau da, jaiak berdintasunean bizi ahal izateko garrantzitsua da etxeko lanak banatzea (ez daitezen izan batzuk jaiak gozatzen dituztenak eta besteak lanean geratzen direnak; ligatzerakoan ezezkoak onartzea ezinbestekoa da jazarpenak saihestu eta harreman sanoak izateko; etab.).

Hori horrela izanik, Oñatiko Udaleko Berdintasun sailetik landu nahi zituzten gaien berri eman ziguten eta guk azpileloak eta iruditegia sortu eta landu ditugu. Azpileloak hauexek dira: “Oholtzak eta plazak partekatuz”, “Etxeko lanak banatuz”, “Ezezkoak onartuz”, “Zaintza-sarea osatuz” eta “Etxeko lanak banatuz”.

Bestetik, eraso sexisten aurrean eskura dagoen telefonoaren berri emateko kartel indibidual bat sortu dugu, diseinu orokorrean oinarrituz, baina, izaera propioa emanez eta nolabait gainontzeko kartelengandik bereiziz. Hori horrela izanik, euskarri desberdinak sortu ditugu sentsibilizazio kanpaina honetarako.

Oñatiko kanpainako euskarriak:

  • Kartelak. Kartel orokor bat sortu dugu, jai giroko diseinua landu ostean eta lelo orokorra azpimarratuz. Kartel orokor hau oinarri hartuta, azpilelo bakoitzari egokitutako kartelak ere sortu ditugun, koloreez gain, diseinuak eta leloak ere egokituz.
  • Banderinak. Jaietan, farolaz farola eta jai guneetan jartzen diren banderinak diseinatu ditugu. Banderinak telazkoak eta iraunkorrak dira, hilabetetan zehar (Oñatiko jai ugariren bueltan) zintzilik egon behar baitira eta datozen urteetan ere erabili ahal izatea nahi delako.
  • Bideo eta gif bana ere sortu ditugu, sareetan eta whatsapp bidez mezua zabal dadin.
  • Lona. Udaletxeko balkoian zintzilik jartzeko lona ere sortu dugu.

Oso lan polita eta betegarria izan da sentsibilizazio kanpaina honen sorrera eta lanketa. Gaur egun, oraindik, ezinbestekoa da udaletatik sentsibilizazio kanpaina hauek mantentzea, berdintasunerantz pausoak ematen ari garen arren, asko geratzen baita egiteke. Aurtengo udan ere berdintasunean aritzeko, denon artean lan dezagun jaiak bizitzeko beste modu bat(zuk)!