2021ean hasi genuen berdintasun plana osatzeko prozesua Orioko Udaleko teknikari eta herritarrekin batera.
Orioko Udalean berdintasun planarekin konpromisoa hartuz hasi dute 2022a. Lehengo urtean landu genuen diagnostikoa eta aurten ekintza plana zehaztu dugu. Udaleko teknikari, zinegotzi eta alkatearekin osatutako berdintasun batzordea mantendu dute aurten ere.
Kalakak dinamizatutako lansaioetan berdintasun planaren oinarria izango den ekintza planeko lan ildo, helburu, neurri, adierazle, epe eta bestelakoak garatzen aritu dira. Berdintasun diagnostikoan azaleratu ziren ahulguneetatik abiatuta, helburu eta ekintza zehatzak pentsatu dituzte, etorkizunean ahulgune horiek indargune bilakatzeko asmoarekin.
Ondorioz, eurengandik ateratako ideiak izan direla bildu ditugunak eta hori ezinbestekoa dela berdintasun planarekiko atxikipena lortu nahi bada berau exekutatzen hasten direnean. Orioko herria asko inplikatu da hilabeteak iraun duen berdintasun planaren egituratze prozesuan eta horri esker berdintasun plan osatu, anitz eta egingarria dute.
Berdintasun plana eta herritarrak
Diagnostikoaren prozesuan egin genuen bezalaxe, berdintasun batzordeko kideekin lansaioak egiteaz gain, herritarrak ere kontuan hartu nahi izan ditugu bigarren fase honetan. Herri mailan eragina izango duen berdintasun plana batek herritarren ahotsak ere bildu behar ditu nahitaez. Lansaio bat hitzartu zen, arratsaldez, herritarren parte-hartzea bermatu ahal izateko eta dinamika desberdinen bidez ekintza planerako euren ideiez jardun zuten bertan.
Azken pausoetan murgildurik gabiltza orain. Ekarpen guztiak bildu ditugu, bai udal mailan jasotakoak eta baita herritarrenak ere eta berdintasun planaren txostena osatzen gabiltza, martxo amaieran egingo den aurkezpen orokorrean honen guztiaren berri eman ahal izateko bertaratzen direnei.
Apiriletik aurrera Orioko Udaleko teknikari eta langileak ekintza plana garatzen hasi beharko dute, bertan kontuan hartu diren ekintzen bideragarritasuna landuz eta berdintasun plana martxan jarriz. Horretarako, organo desberdinak daude: berdintasun batzordea bera, horretaz gain, txikiagoa izango den talde motorea eta Udalbatza arlo politikoan. Talde nagusi horiez gain, helburu desberdinak bete ahal izateko ezinbestekoak diren beste organo batzuk ere sortu beharko dituzte, baldin eta denboran kokatu dituzten ekintza horiek betetzen joan nahi badute. Orion berdintasunaren alde konpromiso politiko eta soziala badagoela argi utzi dute, beraz, konfiantza osoa dugu laster hasiko duten exekutatze prozesuan ere.
Mila esker ibilbide honetan parte hartu duzuen guztioi eta baita Orioko herriari ere, hainbeste inplikatzeagatik prozesu osoan zehar. Laster arte!