In albisteak

2021 urteko lehen hiruhilekoan Gipuzkoako Foru Aldundiarentzako Pausso proiektua sortu eta koordinatu dugu.

Pausso 6 eta 14 urte bitarteko haur eta gazteekin sexismoa eta indarkeria sexistaren prebentzioa lantzeko proiektua da. Lau adin tarte ezberdindu ditugu proiektuan, eta bakoitzarentzako ikus-entzunezko bat eta berau erabiltzeko gida sortu ditugu.

 

6-8 urteko haurrak: 

Pausso animaziozko ikus-entzunezkoa Kalaka

Animaziozko ikus-entzunezkoa sortu dugu, eta bertan, sexismora lehen hurbilpena egitera gonbidatzen ditugu haurrak. Lehen hausnarketak egitera bultzatzen ditugu, eta horrela, sexismoa zer den ezagutzen hasteko bidea eraikitzen hasten dira. Ikus-entzunezkoan lau neska-mutilen hausnarketak animazio bitartez ageri dira, eta gidan, berriz, gai ezberdinak sakonako lantzeko, aztertzeko eta ondorio propioak ateratzeko ariketak eta dinamikak proposatzen dira.

 

8-10 urteko haurrak:

Pausso bideo-jokoa Kalaka

Bideo-joko baten bitartez, adin tarte honetako haurrek egunerokoan bizi ditzaketen egoera sexista ezberdinak planteatzen dizkiete ikertzaile sekretu batzuk. Eta jokoaren helburua, ikertzaileei sexismoa identifikatzen laguntzea da, eta elkarrekin, berdintasunerako bidea eraikitzea. Horretarako, lau eremu gainditu behar dituzte (etxea, kalea, aisialdia eta eskola) eta bakoitzean egiten zaizkien galderak, ongi hausnartu ondoren, erantzun behar dituzte. Bideo-jokoak lagun duen gidan, haurrei baliabideak eskaintzen zaizkie gai hauetan sakontzeko, eta egunerokoan eurek bizi dituzten egoera sexisten gainean hitz egiteko.

 

10-12 urteko gaztetxoak: 

Pausso fikziozko ikus-entzunezkoa Kalaka

Fikziozko ikus-entzunezkoa sortu dugu, eta bertan, adin tarte honetako neska-mutil talde batekin lansaio bat egin ondoren eurengandik jasotako ondorioak bildu ditugu. Ikus-entzunezko hau parte hartzailea da, ikusleei zuzenean galdetzen baitzaizkie hainbat galdera, eta sexismoarekin zerikusia duen edozein gai aukeratzeko planteatzen zaie, ondoren, arte espresio ezberdinen bitartez zabaltzeko euren hausnarketa eta ondorioak. Ikus-entzunezkoak lagun duen gidan, ariketa eta dinamika konkretuak planteatzen dira zeregin horretan laguntza emateko.

 

12-14 urteko gazteak: 

Pausso APP Kalaka

Mugikorrerako aplikazio baten bitartez, adin tarte honetako gazteekin, sexismoa eta indarkeria sexista landu nahi da. Aplikazioak, kultur baliabideen katalogo parte hartzaile bat sortzea du helburu, eta pelikulak, liburuak eta bideo-jokoak aitzakia bat dira gazteekin esku hartze zuzenean gai anitzez hitz egiteko. Aplikazioak lagun duen gidan, berdintasun alorreko gai anitzen lanketa egiteko pautak adierazten dira, errealitatearen azterketatik abiatuta, hausnarketa eta ondorioak ateratzeko galdera posibleak planteatuz, besteak beste.

 

 

Pausso proiektuaren gidak:

Pausso gidak Kalaka

Pausso hezitzaile eta irakasleei zuzendutako tresna bat da, eta euren esku hartzea beharrezkoa da ikus-entzunezkoak ongi ulertzeko eta lantzeko. Zeregin horretan laguntzeko, berriz, hezitzaile eta irakasleek gidak dituzte eskura. Bertan, bi zati bereizten dira: lehen zatia, gida guztiek amankomuna dute eta indarkeria matxista eta indarkeria sexistaren markoak azaltzen dira. Horren barruan, sexu-genero-sexualitate sistema azaltzen da xeheki. Bigarren zatia, berriz, ikus-entzunezko bakoitzak propioa du. Eta bertan, ikus-entzunezkoa lantzeko metodologia konkretuak agertzen dira, eta baita, gai ezberdinetan sakontzeko pautak eman ere (taula, ariketa eta lagungarri izan daitezken teoria-hausnarketekin).

 

Proiektu handi honetan, koordinazio eta sorkuntza lanak egin ditugu:

  • Pausso izenaren eta irudiaren sorrera
  • Ikus-entzunezkoen ideiaren, gidoien eta edukien sorrera
  • Ikus-entzunezkoen garatzaile teknikoekin koordinazioa
  • Giden edukien sorrera eta maketazioa
  • GFA-ren webgunean txertatzeko egituraren proposamena
  • Berdintasunean eta ikus-entzunezkoen alderdi teknikoan aholkularitza

 

Paussoren sustatzaileak:

  • Gipuzkoako Foru Aldundiko Emakume eta gizonen berdintasunerako organoa
  • Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapenerako Zuzendaritza
  • Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendaritza