Pepa Bojó psikologa feministak ikerketa lan sakona egin du, “Gipuzkoako ahalduntze-taldeak: parte hartzeko arrazoiak eta aldaketa esanguratsuak” izenburupean argitaratu duena.
“Gipuzkoako ahalduntze-taldeak: parte hartzeko arrazoiak eta aldaketa esanguratsuak” izenburupean eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin argitaratu du Pepa Bojók bere ikerketa. Egindako lana zabaltzeko diseinu eta maketazio lanak garatuko zituen norbait behar zuen, ikerketa bera erakargarri eta irakurgarri bilakatzeko. Guregana jo zuen eta pozarren gaude egin dugun ibilbidearekin eta azken emaitzarekin.
Ikerketa osoa lan mardula da eta arretaz irakurri beharrekoa, informazio ugari eta oso interesgarria bildu baitu Bojók bere lanean. Gure lana ondo burutu ahal izateko, bere lana bera irakurri genuen, bertan kokatu eta egokiak izan zitezkeen bi diseinu ildo aurkeztu genizkion. Horietako bat aukeratu zuen, hementxe ikus dezakezuena, alegia:
More eta berdea izan dira diseinuan erabili diren bi kolore nagusiak eta horien baitan landu da maketazioa bera. Estilo modernoa, eta aldi berean irakurterraza izan da garatu duguna. Grafiko ugari daude, datuak biltzeko taulak, ahalduntze-taldeetako kideen bizipenak testu formatuan, azalpenak testu moduan, etab. Hau da, informazio mota desberdina biltzen da ikerketan eta guztiari koherentzia ematea ez da lan erraza izan, baina, ibilbide polita egin dugu azken emaitzara arte eta helburua betetzen duela iruditzen zaigu.
Pepa Bojóren ikerketaren laburpena
Ikerketa lan osoa elebitan diseinatu eta maketatzeaz gain, ikerketaren laburpena ere diseinatu eta maketatu dugu. Bojóren azken helburua bere ikerketa irisgarri egitea da eta horretarako, ikerketa osoaren laburpen bat lantzea ezinbestekoa izan da. Hau da, laburpena izango da gehienek irakurriko dutena eta haratago joan nahi duenarentzat, eskuragarri dago ikerketa lan osoa.
Hasiera batean berdintasun sail, Emakumeen etxe, etab.etara zabaltzeko asmoa du, bere iritziz, eurek izango dutelako interes gehien; baina, nahi duen orok aukera du ikerketa eskuratzeko, online ere topa daitekeelako.
Laburpena diseinu beraren baitan mantentzea ezinbestekoa iruditu zaigu, koherentzia mantentzeko ikerketa osoarekin; baina, arinagoa egiteko asmoz eta pixka bat desberdintze aldera, irudiak gehitu ditugu eta testuaren kokapena ere aldatu dugu atalen hasieratan, besteak beste.