Noaua eta Aiurri hedabideetako lantaldeari formakuntza saio pertsonalizatu bat eskaini diegu. Gai nagusia Genero ikuspegia komunikazio arloan txertatzeko estrategiak izan da. Eta izenburu honen pean, bizi garen gizarte matxistak errealitatearen ikuspegi eta ulermenean duen eraginaz aritu gara lehenik eta behin hausnarketa egiten. Horri lotuta, androzentrismoa zer den eta nola eragiten duen eguneroko bizitzan azaldu dugu. Ondorioz, ikuspegi androzentrikoak hizkuntzaren eta iruditegiaren erabileran duen eragina atzeman dugu. Egiturazko testuingurua ezagutu ondoren, baliabideak aurkeztu ditugu komunikazio ez sexista egin ahal izateko. Eta baliabide hauek praktikara eraman ditugu banakako eta taldeko ariketak eginez.
Formakuntza presentziala izan da, eta ikus-entzunezko eta argibideak uztartu ditugu alderdi teorikoaz hausnartzeko. Era berean, modu parte hartzailean bideratu dira eduki guztiak, eta praktika saioari ere bere lekua egin diogu, hausnarketa pertsonalak eta kolektiboak sustatzeko.


