Arrigorriagako Udaleko Berdintasun sailetik iritsi zitzaigun mezua: “A25eko kanpaina zuek sortzea nahi dugu”.
Ilusio handiarekin ekin genion lanari. Sentsibilizazio kanpainetan lan egitea oso gustuko dugu, hizkuntza eta iruditegia aldi berean lantzeko aukera eskaintzen digutelako. Kanpainetako mezua bezain garrantzitsua da lantzen den diseinua, iruditegia, alegia. Azaroaren 25a, gainera, emakumeok bizi ditugun indarkeriak espreski zabaldu, azaleratu eta jendarteratzeko eguna da. Berri onena egun hau egutegitik gorriz jartzeari uzten diogunean izango dugu, baina, bitartean, sentsibilizatzen jarraitu beharko dugu. Argi dago emakumeen indarkerien aurka egunero borrokatu behar dela, baina, egun ofizial hauek lagungarriak izaten dira arreta berreskuratzeko. Gu horren parte izateak ilusio egiten digu eta lanari gogor ekiten diogu.
Arrigorriagako eskaera hauxe izan zen:
- Azaroaren 25eko kanpaina burutu ahal izateko bi euskarri nagusiren iruditegi, diseinu eta maketazioa garatzea: kartela eta diptikoa.
- Berdintasun Kontseiluko logotipoa sortzea.
Gaiak duen garrantziaz jakitun, diseinua lantzeari ekin genion:
- Moodboard-a landu.
- Eredu desberdinak sortu.
- Arrigorriagako Udaleko Berdintasun sailak aukeratutakoa garatu eta eurek bidalitako informazioa txertatu, maketazioa era egokian gauzatuz.
Logotipoari dagokionez ere ibilbide bertsua landu genuen eta aukeratutakoaren gainean kolore desberdinekin jokatu genuen.
Oso pozik geratu gara landu dugun kanpainarekin, diseinu egoki batek mezua era zuzenean helarazten laguntzen duela jakitun izanik, asko eskertu dugulako jaso dugun feedback-a beren aldetik. Ea zuei zer iruditzen zaizuen!
Hementxe duzue ikusgai kartela eta diptikoaren azken emaitza: