Emariapp emakume erreferenteak ezagutzeko euskarazko eta doako jolasa da. Dagoeneko hiru urte dira abiatu genuenetik eta 3.000 erabiltzailetik gora dabiltza hilero jokoan.
Android eta IOS plataformetan eskura liteke doan, eta lotura horiek errazten dizkizuegu webgune honetan: emariapp.kalaka.eus
Zer topatuko duzu Emariapp euskarazko eta doako jolasa deskargatzean?
Emariapp mugikorretarako jolas arin eta azkarra da, izan ere, astelehenetik ostiralera partida bat joka dezakezu egunean. Bertan, Euskal Herriko eta nazioarteko emakume erreferenteen inguruko galdera egiten zaizu bi joko moduren arabera:
- Nor da? galdera erantzuteko joko modua: pistak argitaratzen dira banaka (bost izanik guztira). Zuk erabakitzen duzu zenbagarren pistan egin erantzuteko urratsa (erantzun botoiari emanez). Behin erantzuteko pantailara iristean, lau emakumeren izen-abizenen artean aukaeratu behar duzu. Azken pantailan, lortutako puntuazioa agertuko zaizu.
- Emakume erreferentearen izen-abizenak emanda bere biografiako pistak zein diren asmatzeko modua: kasu honetan, bi pista agertzen zaizkizu aldi berean pantailan, eta bi horietatik bat aukeratu beharko duzu esleitu zaizun emakumearen izen-abizenari dagozkiola uste baduzu. Bost pantailatan egin beharko duzu hautua. Bukaeran, asmatu duzun pista kopurua eta puntuazioa agertuko zaizkizu.
Taldean jolas daiteke?
Emariapp bakarka jolasteko eta ikasteko aparteko aplikazioa da, bai emakume erreferenteen gainean ikasteko, bai feminismoaren gainean ikasteko eta baita euskara praktikatu eta ikasteko ere. Horregatik, bakarka egiteaz gain, taldean ere erabiltzeko prestatuta dago: jakintza oro ongietorria baita pertsonalki zein kolektiboki, ez da hala? Taldeak sortu daitezke horretarako irudian sakatuz gero, eta zure kontaktuetan dituzun lagunak gonbidatu ditzakezu. Horretarako, lehenik eta behin, lagunek aplikazioa deskargatu behar dute, eta ondoren, zuk zeuk sartu ditzakezu taldeko kide moduan.
Lagundu zure inguruan ezagutarazten:
Gure helburua emakume erreferenteen berri euskal hiztunen komunitatean zabaltzea eta ezagutaraztea da. Jakintza orokorra izatea nahi genuke, historikoki kontatu zaizkigun errelatoetan hutsune nabarmenak daudelako, eta kontakizun historiko hori guztion artean osatzea dagokigulako. Ikerketa asko ari dira argitaratzen genero ikuspegia kontuan hartzen dutenak, eta horregatik, ezagutza horiek, emakumeek historikoki egindako ekarpen horiek, ez dute paper horietan geratu behar. Emariappeko datu basera batu ditugu emakume erreferente andana, asko izan baitziren eta asko baikara, eta eragin gehiagorekin ala gutxiagorekin, baina, guztiok merezi dugu egindako ibilbidearen aitortza publikoa egitea. Batzuk nazioartean izango dute eragina, besteek Euskal Herrian. Batzuk ikasketetan, ikerketetan edota lan arloan izango dute eragina, besteek herrigintzan, euskalgintzan, edota etxeko ardura, antolaketa eta ekonomian. Batzuk pentsamenduaren garapenean izango dute eragina, besteek ekintzan. Baina, emakume direlako baloratu ditugu, emakume direlako baztertzen baitituzte.
Badituzu proposamenak?
Emariapp aplikazioan bertan emakume erreferenteen proposamenak egiteko atala dago, eta asko dira proposamenak bidaltzen dizkiguten erabiltzaileak. Beraz, zure inguruan edota zure ezagutzen arloan aitortza publikorik ez duen emakumeren bat ezagutzen baduzu, jarri gurekin harremanetan.
Guraso.eus webgunean egin diguten elkarrizketa
Aplikazioaren hirugarren urteurrena dela eta, Guraso.eus webgunean honako elkarrizketa egin digute.
Gozatu Emariapp jolasaren bitartez, eta zabaldu inguruan jolaserako, ikasteko eta aitortza publikoa egiteko grina!

