In albisteak

EmariApp jolasaren berri izan duzu? Badakizu zer den?

EmariApp jolasaren bitartez, emakume erreferente baten bizitzaren inguruko pistak irakurrita nor den asmatu beharko duzu. Gaur egungo eta iraganeko emakumeak bildu ditugu, herrialde eta arlo desberdinetakoak, jolas honen bidez asmatu ditzagun. Jolasaren helburu nagusia emakume gehiagoren berri izatea da, ezagunak egiten zaizkigun gutxi horietatik haratago ere, emakumeen lorpen eta aportazioen berri jakitea, euskaraz eta egunerokoan 😉 Gizonek egiten dutena ikasi dugun bezala, emakumeek egindakoa eta urte luzez isildua, zapaldua eta desagertua izan dena ikastea. Era horretan, errealitatearen ikuspegi zabala izango dugu, ez gizonezkoena soilik.

Mugikor eta tabletetan deskarga daiteke aplikazioa eta norberaren partidak ikusteaz gain, sailkapen orokorra ere badu eta baita taldeak sortzeko aukera ere. Lankideekin, kuadrila eta familiakoekin taldeak sortu eta elkar xaxatzeko jolas egokia da.

Hizkuntzari dagokionez, euskara zuzenean idatzita badago ere, ulergarriak dira idatzitako pistak eta laburrak. Euskaldun guztientzat gozagarri izatea nahi dugu, beraz, euskara ikasten ari direnak ere jolastera animatzen ditugu!

Jolasaren nondik norakoak

Astean bost emakumerekin lotutako partidak egiteko aukera izango duzu. Emakume bakoitza asmatzeko 5 pista daude eta minutu eta erdiko denbora. Animatzen? Astelehenetik ostiralera bitartean, egun bakoitzeko emakume baten partida egiteko aukera dago, baina, egunean ez eramanda ere, aste osoa ematen da bost emakumeen partidak jokatzeko. Hau da, astelehenetik ostiralera, egunero partida bat egin beharrean, ostiralean bostak egin nahi badira, edo asteburuan, horretarako aukera ematen du jolasak.

Helburua ez da egunerokoan estreserako aitzakia bat gehiago izatea, jolastuz ikasi eta ondo pasatzea baizik. Beraz, norberak nahiago duen moduan antolatuta, disfrutatzea espero dugu!

Jolasa deskargatzeko aukera dago IOS eta Androiderako. Azpiko irudian klik eginez bertara iristeko aukera dago:

Instagram-en ere badu profila EmariAppek. Bertan lehiaketen, sarien eta bestelako berrien inguruko informazioa argitaratzen joango gara, beraz, adi egon esku-artean ditugun sorpresei!

Aplikazioaz haratago

Aplikazioaz haratago, baina, aplikaziotik abiatuta, familian edota eskolan gai desberdinak lantzeko aukera eskaintzen digu jolasak. Esan bezala, arlo desberdinetako emakumeak asmatu beharko dira jolasean (kirolariak, artistak, asmatzaileak, ingeniariak, biologoak, irakasleak, bertsolariak, etab.), herrialde desberdinetakoak eta baita garai desberdinetakoak ere. Horrek bide eman dezake arlo desberdin horietan emakumeak ezagutzen ditugun edo ez hausnartzeko, ezagutzen ez baditugu zergatik izan litekeen pentsatzeko, eskolako lanen bat ere bideratu daiteke eskolan emakume horiek ezagutarazteko, etab. Familian ere gauza bera egin liteke haur eta helduekin.

Hau da, gaur, adibidez, EmariApp-en Elizabeth Magie asmatzea egokitu bazaigu, The Landlord’s Game –Monopoly- ren aitzindaria- asmatu zuen emakumea, joko asmatzaileez hitz egin genezake eskolan (edo lagunartean, familian). Zenbat emakume ezagutzen ditugu joko asmatzaileen artean? Magie-ren berri badugu? Monopoly-aren aitzindaria nor zen bagenekien? Hausnarketarako bide ematen du jolasak, arlo ugari landu daitezkeelako eta bide batez, emakume ezezagunak ezagun egiteko modua eskaintzen duelako oso modu errazean, doan eta eskura dugun mugikorra erabiliz. Jolaserako mugikorrean bertan bila genitzake emakume horien biografiak, lorpenak, arlo horietan izan dituzten edo egun dituzten oztopoak emakume izanagatik, etab.

Animatzen al zarete jolasaren bidez haratago joaten? Noizean behin bada ere, hausnarketa bultzatzen ingurukoengan? Zuen iritzi eta proposamenen zain izango gaituzue 😉