In albisteak

Errenteriako Udalarekin urtetako harremana dugu eta elkarlan interesgarriak landu izan ditugu.

 

Langile guztiak berdintasunean formatzeko prozesua abiatu dute aurten Errenteriako Udalean. Alde batetik, Berdintasunerako Lege berrietako obligazioetako bat delako erakunde publikoetako langileak berdintasunean formatzea; eta, bestetik, Errenteriako Udalak berak berdintasunarekiko duen konpromisoa adierazteko beste pauso bat izan delako elkarlan honekin burutu nahi izan dutena.

400 langile inguru dira Errenteriako Udalean egunerokoan dihardutenak eta urtez urte formatzen joateko plangintza antolatu dugu. Aurten lau lansaio eman ditugu, hiruna ordukoa bakoitza, Kalakatik.

Formakuntza saio horietan, profil desberdinetako langileak egongo zirela jakinik, oinarrizko formakuntza prestatu genuen, Berdintasun sailarekin elkarlanean.

Eduki hauek landu genituen:

  • Androzentrismoa zer den eta zein eragin duen gure bizitzako eremu desberdinak ulertu eta bizitzeko moduetan.
  • Sexu-genero-sexualitate sistema zer den eta zenbateraino eragiten digun gure bizitza eta lanean.
  • Eguneroko lanean bi sistema hauek eta gurutzatzen gaituzten genero-estereotipo eta bestelakoei aurre egiteko ditugun baliabideak.
  • Genero-egokitasuna zer den eta bere aplikazioa zein izan daitekeen.

Saioa hausnarketarako espazioa izatea bultzatu dugu, gai hauek pentsatzea eta ideiak zalantzan jartzea dakarrelako. Horretaz gain, hainbat ariketa ere proposatu dira saioetan zehar eta bertaratutakoen partaidetza oso interesgarria izan da.

Bide polita eta aberasgarria izan da Errenteriako Udaleko langileekin abiatu duguna. Datorren urtean beste langile batzuekin landuko dugu gaia eta pozarren gaude bide hau martxan jarri izanagatik! Mila esker zuen parte hartze eta harrera beroagatik!