In albisteak

Martxoaren 8an, bigarren urtez, greba feminista deitu du mugimendu feministak eta guk, lehengo urtean bezalaxe, aurten ere bat egingo dugu.

Ostiral honetan gure bulegoa itxita egongo da eta arlo pertsonalean ere zaintza eta kontsumo grebarekin bat egingo dugu. Baldin eta jendartea eraldatu nahi badugu, norberaren ekintza txikietatik hasi behar dugula iruditzen zaigulako, martxoaren 8an feministok planto! 

Egun horretan gure inguruan ditugun gizonak arduratuko dira zaintza eta etxeko lanak egiteaz osoki, gu egun horretan deituta dauden manifestazio eta ekintzetara bertaratu ahal izateko. XXI. mendean oraindik ere emakumeok* berdintasun errealera iristeko borrokan jarraitu behar dugu, ez baitugu soldata bera kobratzen lan beragatik (Euskal Herriko soldata arrakala %14, 5ekoa da, oraindik lan handia dago egiteko); ingurukoen zaintza eta etxeko lanei emakumeok* egunean ia lau ordu eskaintzen dizkiogulako, gizonezkoak bi ordura iristen ez direnean; etab. Horrelako errealitate ugari ekar genitzake gaurkoan, baina ez da gure asmoa. Ikusarazi nahi duguna da oraindik asko dugula egiteke eta gure eguneroko lanean saiatzen garen neurrian berdintasun erreal horretara iristeko baliabideak eskaintzen, formazioak prestatzen eta sare sozial eta beste kanaletatik sentsibilizatzen, grebarekin bat egitea gure pentsaerarekin bat datorrela; emakumeak* gelditzen bagara, mundua gelditzen delako. 

Emakumeon* egoera ikusarazteko modu ugari daude eta greba feminista egitea horietako bat da. Jabe gaitezen gure egoeraz eta jabe ditzagun ingurukoak; babes gaitzaten eta benetako eragina izan dezan ostiral honetakoak.

Emakume* guztien egoera, baina, ez da bera eta batzuek oso zaila dute greba egitea, beraz, ahal dugunok egin dezagun eta babes ditzagun egoera zailetan lan egiten duten emakume* guztiak! Emakume* bat pixka bat askeagoa denean, emakume* guztiak askatzen garelako. Sororitatea bultzatuz, kaleak okupa ditzagun ostiral honetan!

Gure bulegoa itxita egongo denez, atean irudi hau jarriko dugu, bertatik pasatzen diren guztiek ikus dezaten eta zabal dadin greba feministara batzeko gogo eta beharra. Ez baitugu jai hartuko, grebara batuko gara eta hori ikusarazi beharra dagoela iruditzen zaigu. Zuk ere zure bulego, denda, etab. atean edo kanpoaldean horren berri eman nahi baduzu, hemen duzu irudia deskargatzeko aukera.