Oñatiko Udaleko Berdintasun sailaren eskaerari erantzunez, Azaroaren 25eko -Indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko eguna- kanpaina diseinatu genuen.
Azaroaren 25a Indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko eguna da. Egunerokoan bizi ditugun indarkeria matxistak salatzen jarraitzea beharrezkoa da eta egoera horiek desagertu eta indarkeria matxistarik gabeko jendarte batean bizitzeko bidean lanean jarraitu behar dugu. Horretarako, belarriak zabalik izan behar ditugu eta desikasi, berrikasi eta aldatzeko prest egon behar gara.
Oñatiko Udaleko Berdintasun sailetik harremanetan jarri ziren A25eko kanpainari begira. Grafikoa eta ulerterraza izango zen zerbait nahi zuten, kartela ikusi bezain laster ulertuko zena. Leloari buelta batzuk eman genizkion, ildo batetik bestera joan ginen eta azkenean, kontrolarekin lotutako indarkerietara jo genuen. Berez denok ulertzen ditugula uste dugun arren, zoritxarrez, asko ematen den indarkeria mota da eta hain barneratuta izanik, jabetu ere egiten ez garena. Kontrola oinarri izanik, leloa eta grafikoak landu genituen.
“Kontrolatzen bazaitu… indarkeria matxista da” lelopean elkarrizketak, sare sozialak, arropa, dirua, harremanak eta denbora adierazten dituzten ikonoak eta hitzak gehitu genituen diseinura. Hori guztia kontrolatzen digute egunerokoan eta “normala” iruditzen zaigu, hori baita bizi izan dugun ingurune bakarra eta normalizatu egiten dugulako. Edota, beharbada, ez ditugu egoera horiek guztiak batera bizi, baina, sare sozialak kontrolatzen dizkigute. Gainontzeko kontrol egoerak sufritzen ez ditugunez, indarkeriarik bizitzen ez dugula uste dugu, baina, ez da hala. Egoera hauetako edozein biziz gero, indarkeria bizitzen ari gara. Mezu argia eta zuzena lortu genuen eta horrekin batera, egun horietako programazioa gehitu genuen kartelean.
Kolore gama eta tipografia modernoekin jokatu genuen eta kartelaz gain, diptikoa ere diseinatu genuen. Bertan, indarkeria matxista jasanez gero Oñatin eskura dauden zerbitzuez informatzen da, besteak beste.
Gustuko duzue egin dugun lana?