Oñatiko Udalaren eskaerari jarriki, A25aren inguruko sentsibilizazio kanpaina sortu dugu.
Azaroaren 25a Indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko eguna da. Oñatiko Udaleko Berdintasun sailetik gurekin harremanetan jarri ziren data horren harira, sentsibilizazio kanpaina bat egin nahi zutela-eta.
Kanpainako leloa eta diseinua sortu genituen. Indarkeria matxista eta kontrola lotu genituen kanpainaren leloaren baitan. Kontrola indarkeria matxista dela askok badakiten arren, beste askok ez dute horrela ikusten eta garrantzia kentzen diote, kontrol hori maitasunarekin lotuz eta normalizatuz. Kanpotik ikustea erraza izan daitekeen arren, norberaren denbora, harremanak, sare sozialak, dirua, etab. kontrolatzen dituen pertsona batekin dagoenak ez du hain erraza izaten horretaz jabetzea, zurrunbilo horretan ohikoa bilakatzen delako. Horretaz jakitun izanik eta indarkeria matxistaren baitan ematen diren indarkeria mota guztiak islatu nahi izan gabe, kontrolarekin lotutakoetan zentratu gara kasu honetan. Leloa ilustratzeko, kontrolaren baitan eman daitezkeen egoeretako batzuk azaleratu ditugu irudi desberdinen bidez, ikusgarri eginez.
Indarkeria matxistaren inguruko sentsibilizazioa lantzea oso garrantzitsua izanik, kartelaz gain, eskuorri bat ere diseinatu genuen, indarkeria matxista jasan edo ikusten duenak nora jo jakin dezan.
Oso garrantzitsua da indarkeria matxistaren ertz desberdinen berri ematea, denok identifika dezagun eta bizi ez badugu, bizi duenari laguntzeko gai izan gaitezen. Hori horrela, aurten kontrolari heldu diogun moduan, datozen urtetan beste arlo batzuei heltzeko helburuarekin sortu dugu kanpaina hau. Zer iruditzen zaizue?