In albisteak

Azaroaren 25aren harira, Sestaoko Udaletik bertako merkatari eta herritarrei bideratutako kanpaina hasi dute indarkeria matxistaren aurka.

Sestaoko merkataritza sailetik gurekin jarri ziren harremanetan, Azaroaren 25aren harira merkatariei bideratutako kanpaina bat egin nahi zutela adieraziz.

Kanpainaren helburua, emakumeen aurkako indarkeriaren inguruko sentsibilizazioa lantzea zen, ohikoena ez den esparrutik: merkataritzatik, alegia. Indarkeria matxistak bizitzako arlo guztietan eragiten digu emakumeoi eta merkatariak sentsibilizazio horretarako garrantzitsuak direla jakitun, eurekin kanpaina zehatza egiteari garrantzia eman zioten Sestaoko Udaletik. Hau da, bizitzako arlo guztietan eragiten badigu, erakunde publikoetatik ere garrantzitsua da sail guztietan kontuan izatea indarkeria matxistaren eragina eta ikuspegi feministaren beharra.

Hori horrela, kartel bat eta telazko poltsa batzuk diseinatzea erabaki genuen izan genituen bileren ostean. Kanpaina txiki, baina, eraginkorra izatea baitzen helburua eta urte osorako baliagarria izango zena, ez soilik A25erako.

Kartelarekin, merkatariak atxikitzea lortzea zen helburua eta telazko poltsekin, herritarrak. Kanpainaren diseinua landu genuen eta zabalpenaren egituraketa bideratu genuen inprenta eta sailarekin batera.

Merkatari ugari atxikitu dira orain arte, eta helburua, urtean zehar ere lanketa horrekin jarraitzea da. Kartelean eta baita poltsetan ikus daitekeen moduan ez da espreski A25a aipatzen, nahiz eta data horren bueltan hasi den kanpaina, helburua urte osoan zehar ere indarkeria matxistaren inguruan sentsibilizatzea baita.